Contact
  • Misioak


    2002tik aitzina Frantziako Museo da; hots, halako labelak bermatzen du Euskal

    Museoaren misioen kalitate zientifiko eta kulturala. Izan ere, Frantziako Museoen
    kartak dioenez, honako hauek hartzen ditu bere gain:

    a) bildumak kontserbatu, zaharberritu, ikertu eta aberastea
    b) bildumak ahalik eta jende gehienaren eskura jartzea
    c) hezibidezko eta zabalpenezko ekimenak prestatu eta gauzatzea,
    denek kultura erdiesteko aukera berdinak izan ditzaten
    d) ezagutzak eta ikerbideak, areagotzen ez ezik,
    hedatzen ere laguntzea


    Ondarearen inguruan lanean aritzen diren gizon-emakumeek berezko dute, hortaz,
    ezagutzak helaraztea eta kultura partekatzea.


  • Kontserbazea, aztertzea





  • Euskal Museo eta Baionako Historiarenak 70.000 objektu inguru kontserbatzen ditu, materialetan (zura, harria, metala, ehuna, papera) eta tekniketan (pinturak, marrazkiak, grabatuak, afixak, altzariak, zeramikak, beirateak, harlanduak, etc.) banatuta.
    Euskal Herriko eta Gaskoinako gizartea aztertzeko xedez, bildumak bi gai handitan banatuak daude: etnografikoetan eta historikoetan.
    Eskualdeko artea eta dokumentazioa ere gehitzen zaizkie.
    Behar bezala kontserbatuko badira, lokal egokiak behar dituzte, hau da, antolamendua, argia eta klima kontrolpean dituztenak. Prebentziozko kontserbazioa bai ikusgai dauden objektuei bai erreserba-guneetan sailkatuei aplikatzen zaie.
    Bildumen inbentarioa egitea ez ezik, objektuen eta erregistroen arteko alderatzea ere beharrezkoa izaten da.

  • Zaharberritzea





  • Museoko bildumetan pieza berriak sartzen direnean, sartu orduko haien egoera sanitarioa aztertu egiten da. Lehen-lehenik, arriskurik (zomorro edota onddoek eragindako hainbat gaitz) izan dezaketen objektuek behin behineko berrogeialdi moduko bat iragaten dute. Behin desinfektatuta, batzuetan piezek zaharberritu beharra daukate, askotan aurkitu ohi baitira zur arrailduak, metal herdoilduak, oihal urratuak, pintura, marazki, grabatu, argazki hondatuak, paper okertuak. Hotz-bero eta hezetasun gorabehera handiegiek eta gehiegizko argiak kalte maiz konponezinak eragiten dizkiete bilduma hauskorrei. Material bakoitzak, teknika bakoitzak, dagozkion adituen esku-hartzea eska lezake. Arrunt garestiak izan ohi diren zaharberritze-lan horiek ordaindu ahal izateko, mezenasgora edota diru-laguntza
    publikoetara jotzen da .

  • Bildumak handitzea





  • Bizirik dagoen museo bat eskurapenez aberasten da. Eskurapentzat hartzen dira museoaren arduradunek erositakoak, baina baita dohaintzak eta gordailuan utzitakoak ere. Erosketak diru-laguntza publikoei eta batzuetan mezenasgoari esker egin
    daitezke. Onurako publikokotzat aitortutako Euskal Museoaren Adiskideen Elkarteak sarritan bitartekariarena egiten du mezenen eta museoaren artean. Frantziako Museo batean aintzat hartuko badira, eskuratzeko proposaturiko piezek adituen batzorde baten
    irizpideak bete behar dituzte.
    Izan ere, objektuek proiektu zientifiko eta kulturala garatzeko zereginean lagungarri agertu behar dute.


    alt

  • Deskubritzea, interpretatzea





  • Gaur egungo museo batek parez pare ibili behar du publikoekin, haiekiko harreman etengabean. Artea, ondarea, berez, bisitari gehienei mutu agertzen zaizkie. Hortaz, zentzu bat eman behar zaie, bitartekaritza bat proposatu behar da, ulergarri agertuko badira.Erakusketa bera ere, nolabait, objektuak eta piezak interpretatzeko era bat da; baina publikoen zerbitzuaren egitekoa harago da, eta bestelako erak iradokitzen ditu.
    Kultur bitartekaritzako ekinbideak garatzen dituelarik, laguntza ematen die bildumak deskubritzen ari diren bisitariei.